Nortasun handiko hamahiru logela

Auñamendi Landa Hotelak nortasun handiko hamahiru logela eskaintzen dizkizu. Izan ere, izen berezi bana dute, guretzat oso kutunak diren tokiei aipamen egiten dietenak: basoak, mendiak, ibaiak, bidezidorrak, ur-jauziak, urtegiak, plazak, etxeak… Bertan egon dira beti horiek guztiak, gure ondoan, eta nahiko genuke gurean ostatu hartzen dutenentzat ere toki berezi bilakatzea.

Zabalak eta atseginak dira logelak, hiru solairutan banatuta (igogailua ere badago). Ondokoak dituzte guztiek: bainugela, berokuntza zentrala, zurezko zorua, telebista eta doako wifi-a. Horietako bi bereziki familientzat diseinatu dira. Eta beste bi, mugikortasun urriko pertsonentzat (eremu komunak ere haientzat egokituta daude):

Irabia [11]

Iratiko oihanaren erdi-erdian Irabiako urtegia dago, ur-orbain zoragarria, kontraste handia dena ertzeraino iristen den baso zarratuarekin.

Irati logela bereziki familientzat diseinatu da, baita mugikortasun urriko pertsonentzat ere. Bi banako ohe ditu, baita sofa-ohe bat ere (1,35 x 1,90). Leihatea du, mendia ikusgai jartzen duena.

Muskilda [12]

“Gure” mendiaren izena da Muskilda. Izan ere, Otsagabitik bertatik igotzen ahal da haraino. Izen bereko ermita bat dago han, XII. mendekoa, landa-itxura, estalki konikoa eta zurezko teilak ezaugarri nagusi dituena.

Zabal-zabala da logela, bereziki familientzat diseinatutakoa. Bi banako ohe ditu, baita sofa-ohe bat ere (1,35 x 1,90). Leihate handiak ditu, baratzeak eta mendiak erakusten dituztenak.

Blankoa [21]

Otsagabiko plaza nagusiaren izena da Blankoa. Gure hotela bertan dago, eta bertan izaten dira herrian antolatzen diren ekitaldi guztiak.

Ohe bakarra (1,50 x 1,90) du logelak, eta bi balkoi txiki, plazara ematen dutenak.

Beiegu [22] 

Logela horretako balkoitik Beiegu mendia ikus daiteke. Jaurrietan dago, eta Zaraitzu ibarraren ikuspegi eder-ederrak daude handik.

Ohe bakarra (1,50 x 1,90) du logelak, eta balkoi bat, plazara ematen duena.

Jasule [23] 

Ezkarozetik hurbil (Otsagabia ondoan dago herria), Jasuleko ur-jauzi lirainak daude. Toki-ibilbide erraz eta eder batek eramaten gaitu haraino.

Ohe bakarra (1,50 x 1,90) du logelak, eta balkoi bat, plazara ematen duena.

Koista [24] 

Iratiko oihanaren bihotzean Koistako urtegi txikia dago. Inguru lasaia, zinez, Ori mendia atzean duela.

Logela mugikortasun urriko pertsonentzat egokitu da. Ohe bakarra (1,50 x 1,90) du, eta bi leiho txiki.

Zubiat [25] 

Oinarrizko kultura-elementua da etxea Mendialdeko herrietako biztanleentzat. Hartara, izen bat merezi du etxe bakoitzak. Logela hau dagoen hotelaren zatia Zubita izena duen etxe baten gainean eraiki zen.

Bi banako ohe ditu logelak, eta ohe gehigarri bat ere jar daiteke. Leiho bat dago, mendia erakusten duena, eta sabai-leiho bat ere.

Bidezarra [26] 

Logelako leihotik bide bat, bide zahar bat, antzematen da, Urrutia auzoko etxeetako baratzeen eta Sarria mendiaren artetik doana.

Bi banako ohe ditu logelak, eta ohe gehigarri bat ere jar daiteke. Leiho bat dago, mendia erakusten duena, eta sabai-leiho bat ere.

Abodi [27] 

Abodi mendiak Iratiko oihana eta Zaraitzu ibarra banatzen ditu. Udan, abereek bazkatzen dute han, eta neguan, iraupen-eskia egiteko eta erraketa gainean ibiltzeko egokitzen da. Toki paregabea da noraezean ibiltzeko, bista ederrak baitaude bertatik.

Bi banako ohe ditu logelak, eta ohe gehigarri bat ere jar daiteke. Leihate bat dago, mendia eta baratzeak erakusten dituena, eta sabai-leiho bat ere.

Anduña [28] 

Ori mendiko magalean sortzen da Anduña, Otsagabia bitan banatzen duena. Lau zubik zeharkatzen dute herria, eta, herriaren mutur batean, bat egiten du Zatoia ibaiarekin, Zaraitzu ibaia sortuz.

Logelak bi banako ohe ditu, baita leiho bat eta sabai-leiho bat ere.

Udi [31] 

Otsagabiko herri-basoa da Udi. Pagoak dira nagusi magalean, eta larreak eta labore-soroak daude gailurrean. Zaraitzuarren abelbideak, Pirinioetako gailurretatik Nafarroako Erriberako Bardearaino eramaten duenak ganadu transhumantea, zeharkatzen du.

Txapitula du logelak, eta bi banako ohe.

Sarria [32] 

Hoteletik bertatik abiatzen da Sarria mendira eramaten duen bidea. Pinuak dira nagusi magalean, logelako leihotik primeran ikus daitezkeenak.

Txapitula-formakoa da logela, eta bi banako ohe ditu.

Ori [33] 

Zaraitzu ibarreko mendi enblematikoena da Ori. Itsas mailatik 2.000 metrotik gora altxatzen den Pirinioetako lehen mendia da, eta txangozaleen eta mendizaleen ohiko jomuga da. Erraz igo daiteke gailurrera, eta bista ezin hobeak daude bertatik: Iratiko oihana, Pirinioak, Zaraitzu ibarra eta Zuberoa.

Txapitula-formakoa da logela, eta bi banako ohe ditu, baita ohe gehigarri bat jartzeko aukera ere.