Beste kirol batzuk

Iraupen-eskia, erraketak, zaldi gaineko paseoak… Nafarroako Pirinioak leku bikaina da kirola egiteko. Segi mugitzen!

Irati eta Nafarroako Pirinioak leku bikaina dira kirola egiteko edozein urtarotan. Hemen dituzu zenbait proposamen:

Zaldi gaineko paseoak. Otsagabitik 5 kilometrora, Iratiko oihanera sartzeko errepidean bertan, zaldi-zentro bat dago [Hipika 4 borda]; handik hasita, hainbat bide interesgarri egiteko aukera izanen duzu inguruan, zaldi gainean. Nafarroako Pirinioetan hipika  egin nahi izanez gero, hemen duzu aukera guztien berri.

Iraupen-eskia. Otsagabitik 15 kilometrora, Frantziara Larraineko mendatetik doan errepidean eta Ori mendiko magaletan, Abodiko Iraupen Eskiko Zentroa dago. 25 kilometrotik gora ditu, hiru zirkuitutan banatuta; horietan, Iratiko oihanean sartzen diren pistak eta Abodiko magaletan ikuspegi ederrak eskainita doazenak konbinatzen dira. Nafarroako Pirinioetan iraupen-eskia egin nahi baduzu, hemen duzu informazio guztia.

Ondoan dagoen Erronkariko ibarrean, Otsagabitik 45 kilometrora, Erronkariko Mendi Jardueren Zentroa dago, eta bertan iraupen-eskia egiteko moduko 19 kilometro daude zenbait pistatan, maila desberdinekoak, Larra mendian sartzen direnak. 

Paseoak erraketekin. Elurra iristen denean, erraketak erabiltzea da aukera onena mendiko ibilaldiekin gozatzen jarraitzeko. Abodiko Iraupen Eskiko Zentroak bide batzuk markatzen ditu Iratiko oihanean eta Abodi mendian egiteko; zure kasa edo eskarmentu handiko gidariekin egiten ahal dituzu horiek. Informazio gehiago, hemen.

Gainera, parapentea eta delta hegala egiteko aukera ere izanen duzu, baita piraguismoa eta kayak ere.