Festak eta ekitaldiak

Ez galdu gure erromeriak, festak eta kirol probak! Gure ingurunearen beste alde bat ezagutuko duzu.

Eguraldi ona heltzearekin batera, Pirinioetako ibarrak festaz eta ekitaldiz betetzen dira. Ez galdu aukera!

Almadiaren eguna maiatzaren hasiera. Burgik (Erronkariko ibarra) urtero ekartzen du gogora garai bateko almadiarien lanbidea. Egun horretan, almadiak Ezka ibaian beheiti abiatzen dira, eta Interes Turistiko Nazionaleko Festa izendatuta dago egun hori.

Irati Xtrem ekainaren erdian. Bizikleta maite dutenek ezinbesteko hitzordua dute: Iratiko oihana inguratuz, Pirinioetako bazter ezezagunetan barna doan martxa zikloturista.

Hiru Behien Tributua uztailaren 13a. Urtero, San Martin harrian, Erronkari eta Baretos (Frantzia) ibarren arteko tributua berritzen da; nonbait, Europako itun zaharrena da. Ekitaldi horretan, bearnesek hiru behi ematen dizkiete erronkariarrei, bakeari eusteko konpromiso batean, haien larreez baliatzen jarraitu ahal izateko.

Santa Ana uztailaren 26a. Egun horretan, kintoen festekin batean, erromeria egiten da Muskildako ermitara, eta, horretan, gazteek omenaldia egiten diete herriko zaharrei. 

Orhipean abuztuko azken asteburua. Nolakoa zen Otsagabiko bizimodua joan den mendearen hasieran? Festa horretan, herriko egun arrunt bat antzezten da, garai hartakoa. Herria itxuraldatzen da erabat eta herritarrak ere garai hartako jantziak jarri eta orduko lan tradizionaletan aritzen dira.

Festak eta dantzak irailaren 8a. Otsagabiko festetako egun handian, herriko dantzariek, “Bobo” buru dutela –pertsonaia misteriotsu bat, arlekin-jantzia eta bi aurpegiko mozorroa daramatzana–, dantza tradizional eta ikusgarriak erakusten dituzte, Nafarroako folkloreko garrantzitsuenetako batzuk. Goizean, erromeria egitearekin, Muskildako ermita dantzaz betetzen da sinbolismo handiko ekitaldi batean. Eta, arratsaldean, dantzen bilduma guztia erakusten dute Blankoa plaza. Bezperan, irailaren 7an, arratsean, berriz ere dantza horiek erakusten dituzte plazan, baina orduan Zaraitzuko ibarreko jantzi tipikoak soinean dituztela.

San Joan, Olentzero eta Andra Mari – abenduaren 27a. Egun horretan Otsagabiko patroiaren –San Joan Ebanjelaria– eguna ospatzen da, baita Olentzero eta Andra Mariren etorrera ere; bi horiek Eguberrietako pertsonaia tipikoak dira, euskal kulturakoak, eta ongietorria egiteko desfile ikusgarri bat egiten da herriko karriketan barna.